XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

E.H.-KO LURRERRIEN ETNOGRAFIA ETA ANTROPOLOGIA SOZIOKULTURALA Zergatik, ordea, lehen lehenik Ondarrura eta Ataunera jo dut Euskal Herriko Herrien etnografia eta antropologia soziokulturala bilduma hasterakoan? Nahi gabe jo dut herri desberdin hauetara, eta hala ere arrazoi bat eta berberagatik horrela jokatu dudala gero ohartu naiz, honexegatik: berriemailearen kulturan murgiltzeko era errexena eta zihurrena norbera baita ere kultura berekoa izatea da, eta Ondarrun bost urtez ikastolako irakasle egon nintzen eta Ataunen nire jaiotokia dago.

Ezagugaiaren eta ezagutzailearen arteko bidea motza eta harremanak ondo saretuak beti izan behar dute.

Urrutitasunaz ez gauzen berririk ez eta pertsonen asmorik eskuratzen dira.

Pertsona ororen ezagupenean, bizitzakoan nahiz jakintzazkoan, emic dago.

Ondoren, eta bakarrik ondoren, emic desberdinen ezagupenetik etic dator.

III. Ataundarra jaiotzez naizenez, nire ataundar berriemailearen hizkera errexa zait ulertzen.

Grabaketa transkribatzeko eskatu nion Donostian nik irakasten dudan Fakultateko emakumezko ikasle bati.

Mutrikuarra, bera, ikasle habila eta langilea, iadanik nirekin antropologiazko lanetan dabilena.

Ez du ulertu ataundar berriemailearen hizkera, eta grabaketa berriro oso osorik transkribatu behar izan dut.

Hori hizkuntzari dagokionez.

Beste horrenbestexe esaten dut berriemailearen kulturazko munduaz, hau da, Ataungo eta bereziki Aia auzoko bizimoduan sartugabe dagoen batentzat berri asko eta asko ulergaitz gertatzen da.

Komenigarri da, ba, beraz, antropologoak bezala beste pertsona zientzietako azterlariak beren bizitzagatik ezagunena zaien hartatik ikerlanean hastea.

Piskaka piskaka profesiozko trebetasunean gaitzen dihoazten negurrian ezezagunago zaien gauzetan hasteko oinarrituagoak egongo dira.

Berriro, emic-etik etic-erako bidea!.

Grabaketa transkribatzerakoan, hots guztiak, ulertuz gero, entzuten diren bezalaxe idazten ahalegindu naiz.

Halere, batzutan hots bat errepikatzerakoan desberdintasunaz esana izan delako edo/eta lehenago idatzi dudanean zihurtasun osorik gabe egin nuelako desberdin idatzi dut aldi batetik bestera.

Ez da batere errexa zailtasun hau belarri hutsez gainditzea.

Gainera, ahozkotasunean hiztun berberak behin baino gehiagotan hotsak aldatzen ditu, nahigabe bezala nahita baita ere.

Bilduma haundi honen jarraipenean, ikerlan gehiago gaineratzen nihoakion moduan, arazo hau eta beste hainbat zuzen zuzenean askatzen ahaleginduko naiz.

Ez dut ahaztu nahi, eta irakurleari ere ez dezala ahantz eskatzen diot, ikerlari gaztea naizela eta gordintasunetik heldutasunera eginala bilakatuko naizela, edozein ekintzatan beste edonorren antzera.

IV. Idazlan honetako testu guztia hitzez hitz transkribatu badut honexegatik izan da: ahozkotasuna sakon sakonetik aztertzeko.

Hitzegiten dugunean, eta egunero eta mundu dena beste ezer baino lehenago hitzegin eta hitzegin ari da, hitzak ekintzaile dira, beti.

Horrexegatik hiztura idazturaren aldean desberdina da zenbait puntutan.

Desberdintasun hauek hizturan jasotzen joateagatik, idatzi transkribatuaren ezkerreko aldetik Barandiaran Joxemiel antropologoaren Galdeketa Etnografiko Batetarako Gidaliburua-ko (GEG) galderen zenbakiak, egoki denero, agertzen dira.

Ataundarraren Obras Completas-etako 21. tomoan dator galdeketa lehen aldiz euskeratua, neronek euskeratu nuelarik.

Galdeketa honetako zenbakiak gainera, egile berak Euskaldunak, 4 argitalpenekin azaldutako Apéndice A La Encuesta Etniker delakokoarenak ere idatzi transkribatuaren ezkerreko aldetik agertzen dira.

Apéndice hau euskeratua (=Eraskina) daukat baina argitaratu gabe,(...).